viernes, 28 de junio de 2013

Maxurrenea Leitzari itzultzetik gertuago

Parlamentuan jasotako babesarekin Maxurrenea Leitzarrei itzultzea gertuago ikusten dugu. Zilegitasun horrekin Nafar Gobernuari enplazamentua egingo diogu Parlamentuak adostutakoa lehenbailehen bete dezan.



12 pertsonaz osatutako ordezkaritza joan ginen atzo, ekainak 27, Nafarroko Parlamentuan burutu zen plenora, Maxurrenea Herrintzat plataformak Bildu eta NaBai taldeen bidez sartutako mozioa aztertu behar baitzen.

Herritik hirira, Parlamentua bezalako leku ezezagun batera gure aldarrikapena eraman nahi izan genuen. Harrituta geratu ginen bertako segurtasun neurri guztiekin. Sarreran bertan, "Maxurrenea Herrintzat" zioen pankarta kendu ziguten. Hala ere, lasai-lasai sartu ginen publikoarentzat gordetako gunera.

Gurea, gai ordeneko 14. puntua izan zen. Bittor Rubiok egin zuen plataforma eta leitzarren aldarrikapenen defentsa azpimarratuz mozio hori herri aldarrikapen bat zela eta plenora eraman zuten taldeak, herri ahotsaren bozgoragailu soilak zirela.

PSNk leitzarron mozioa ordezkatzeko eskaera egin zuen bi puntuz osatutako beste bat aurkeztuta. Momentu horretan eztabaida sutsua piztu zen plenoa minutu batzutan eteteraino.

Lehenengo puntuak plataformaren eskaeren laburpena jasotzen zuen, hau da, Maxurrenea etxeari erabilera kultural eta sozialetara bideratzea. PSNren bigarren eskaerak Guardia Zibilarentzat kokapen berri bat bilatzearen beharra aipatzen zuen.

Azkenean puntutako bozkaketa egin zen eta herri eskaera biltzen duen lehenengo puntuak aldeko 26 bozka jasoz aurrera atera zen. Puntu honetan PPN-k ezezko bozka eman zuen.

Balorazioa printzipioz positiboa da, baina sakonago hausnartuko dugu

Uste dugu atzoko plenoan jasotako babesaren ondoren Maxurrenea leitzarrei itzultzeko eskaera oraindik eta legitimoagoa dela, bidezko eskaera bat da. Onartu zen puntu bakar horrek Maxurrenea etxearen donazioan jasotzen zen borondatea betearaztera behartzen du Nafar Gobernua. Gure ustez, Gobernuak parlamentuak emandako mandatua lehenbailehen bete beharko luke.

Baina ohituta gaude Gobernuak nahi duena egiten ikustera, gaur gauza bat esan eta bihar beste bat egin. Beraz, orain indarrak Nafar Gobernuari apelatzen jarriko ditugu. Epe motzean bildutako sinadurak helaraztearekin batera, bilera eskatuko dugu hainbat gobernu-arduradunekin.

Bestalde, uda garaia hausnarketa sakonagoa egiteko baliatu eta irailetik aurrera berriz ere lanketari ekinen diogu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario