martes, 10 de septiembre de 2013

Ez dugu etsiko, lanean Maxurrenea leitzarroi itzuli arte

Gaur 2013ko Irailaren 9an Jorge Fernandez Díaz Barne Ministroa Leitzako Maxurrenea etxera etorri da, jakitekoa zen Espainiako Barne Ministroaren bisitak gauza onik ez zuela ekarriko. Adierazi duenez badaki Maxurrenea etxea gizarte edo kultura ekintzetarako utzitako eraikin bat dela, baina hala ere, askoz garrantzitsuagoa iruditzen zaio Guardia Zibilaren presentzia Leitzan bermatzea.


Berriro ere Nafarroako Gobernuak leitzarren nahia ez du errespetatu, isilpean eta herritarrei bizkar emanez beste hamar urtez luzatu baitu Espainiako Barne Ministeritzarekin duen kontratua. Herritarren nahiaz gain, Nafarroako Parlamentuaren mandatuari ere entzungor egin dio, ekainean burututako batzarrean parlamentuko gehiengoak Maxurrenea etxearen jatorrizko jabearen borondatea errespetatu eta eraikina behar sozial edo kulturaletara bideratzea agindu baitzion.

Leitzarron nahia ordezkatzen dugun plataforma gisa, Maxurrenea Herrintzat Ekimenak, bilera eskatu genuen Nafarroako Gobernuko arduradunarekin, parlamentuaren babesa berme gisa zuela, plataformak bildutako sinadurak aurkeztu eta herritarren eskaera zuzenean beraiei helarazteko. Oraindik Nafarroako Gobernuaren erantzunaren zain geundela etorri da Espainiako Barne Ministroaren adierazpena, Leitzako herria berriro ere engainatuz eta leitzarren borondatearen gainetik, gehiegi luzatzen ari den egoera bat inposatuz, Maxurrenearen okupazioa.


Honen aurrean, herriaren nahiaren alde lanean jarraituko dugula berresten dugu. Gaur bildutako jendetzak erakusten duelako Maxurrenea leitzarrona dela.

viernes, 28 de junio de 2013

Maxurrenea Leitzari itzultzetik gertuago

Parlamentuan jasotako babesarekin Maxurrenea Leitzarrei itzultzea gertuago ikusten dugu. Zilegitasun horrekin Nafar Gobernuari enplazamentua egingo diogu Parlamentuak adostutakoa lehenbailehen bete dezan.



12 pertsonaz osatutako ordezkaritza joan ginen atzo, ekainak 27, Nafarroko Parlamentuan burutu zen plenora, Maxurrenea Herrintzat plataformak Bildu eta NaBai taldeen bidez sartutako mozioa aztertu behar baitzen.

Herritik hirira, Parlamentua bezalako leku ezezagun batera gure aldarrikapena eraman nahi izan genuen. Harrituta geratu ginen bertako segurtasun neurri guztiekin. Sarreran bertan, "Maxurrenea Herrintzat" zioen pankarta kendu ziguten. Hala ere, lasai-lasai sartu ginen publikoarentzat gordetako gunera.

Gurea, gai ordeneko 14. puntua izan zen. Bittor Rubiok egin zuen plataforma eta leitzarren aldarrikapenen defentsa azpimarratuz mozio hori herri aldarrikapen bat zela eta plenora eraman zuten taldeak, herri ahotsaren bozgoragailu soilak zirela.

PSNk leitzarron mozioa ordezkatzeko eskaera egin zuen bi puntuz osatutako beste bat aurkeztuta. Momentu horretan eztabaida sutsua piztu zen plenoa minutu batzutan eteteraino.

Lehenengo puntuak plataformaren eskaeren laburpena jasotzen zuen, hau da, Maxurrenea etxeari erabilera kultural eta sozialetara bideratzea. PSNren bigarren eskaerak Guardia Zibilarentzat kokapen berri bat bilatzearen beharra aipatzen zuen.

Azkenean puntutako bozkaketa egin zen eta herri eskaera biltzen duen lehenengo puntuak aldeko 26 bozka jasoz aurrera atera zen. Puntu honetan PPN-k ezezko bozka eman zuen.

Balorazioa printzipioz positiboa da, baina sakonago hausnartuko dugu

Uste dugu atzoko plenoan jasotako babesaren ondoren Maxurrenea leitzarrei itzultzeko eskaera oraindik eta legitimoagoa dela, bidezko eskaera bat da. Onartu zen puntu bakar horrek Maxurrenea etxearen donazioan jasotzen zen borondatea betearaztera behartzen du Nafar Gobernua. Gure ustez, Gobernuak parlamentuak emandako mandatua lehenbailehen bete beharko luke.

Baina ohituta gaude Gobernuak nahi duena egiten ikustera, gaur gauza bat esan eta bihar beste bat egin. Beraz, orain indarrak Nafar Gobernuari apelatzen jarriko ditugu. Epe motzean bildutako sinadurak helaraztearekin batera, bilera eskatuko dugu hainbat gobernu-arduradunekin.

Bestalde, uda garaia hausnarketa sakonagoa egiteko baliatu eta irailetik aurrera berriz ere lanketari ekinen diogu.

lunes, 24 de junio de 2013

Ekainak 27an parlamentuan Maxurrenea Etxeari buruzko mozioa bozkatuko da

Hurrengo ostegunean ekainak 27, Nafarroako Parlamentuan eztabaidatuko dute plataformak eta leitzarrek Maxurrenea Etxea herriari itzuli eta kultur-ongintza erabilera emateko egindako eskaera.


Aurtengo martxoan abiatutako dinamikaren barruan momentu garrantzitsua izango da pleno hau, bakarra ez den arren plataformako kideentzat. Gogoratu behar da lanketari herri agerraldi jendetsu batekin ekin geniola, herritar eta herriko eragile desberdinen babesa lortu dugu, Udala mozio bidez Maxurrenea herriari itzultzeko eskaeran berretsi zen eta alderdi politiko desberdinekin egindako bileretan erantzun positiboa jaso dugu.

Zer esanik ez, ekaianean burututako herri mobilizazioaren garrantziaz. Eguraldi kaxkarrari eta guzti egin zion Leitzak aurre eta 300 pertsonatik gora bildu ginen manifestazioan.

Herri ordezkaritza eraman nahi dugu parlamentura.


Datorren ostegunean ibilbide honi beste mugarri bat jarriko diogu. Parlamentuko plenora herritar desberdinak eraman nahi ditugu, gure eskaerari zelabait bultzada eman dion herriaren isla gisa.

Hori guztia antolatzen ari gara egun hauetan. Gonbidapenak lortu, eragile desberdinekin egon, ... Aurreikusiz ostegunekoa opor aurreko azken plenoa izango dela, eta bi egunez luza daitekeela Parlamentuko "azken" saio hau, ordezkaritza hori oraindik zehaztu gabe daukagu. Baina bai ostegunean zein ostiralean leitzarrak Maxurrenea herriari itzultzea eskatzeko Iruñean egongo gara.

Sinadurak laster helaraziko dizkiogu Gobernuari.


Sinaduren kanpaina itxita, taberna eta komertzioetatik pasa eta zenbatzea falta zaigu soilik. Lan hori ere lehenbailehen egin eta laster Maxurrenea Etxea herriari itzultzeko eskaera egingo diogu Nafar Gobernuari.


domingo, 23 de junio de 2013

Maxurrenean inguruan egindako prozesu partehartzailearen emaitzak uztailaren 2an aurkeztuko dira

Aurreko astean Udalarekin egindako bileran, Maxurrenea Etxearen inguruan egindako prozesu partehartzailearen emaitzen aurkezpena atzeratzea erabaki zen. 

Horren arrazoia da, hasieran aurkezpenerako aurreikusten ziren bi datetan,  ekainaren 27 eta 28an, Nafar Parlamentuan aztertuko dutela herritar eta plataformaren mozioa, gaur egun koartela kokatzen den etxeari buruzkoa.


Aurkezepenerako data berria, uztailaren 2a, asteartea, izango da, arratsaldeko 20:00tan.

lunes, 17 de junio de 2013

Sinadurak ere lapurtzen aritu dira denda eta tabernetan

Denda eta tabernetan falta dira

 Aurreko astean esan bezala, aste honetan amaiera eman nahi genion sinadura bilketa kanpainari, horregatik taberna eta denda desberdinetan utzitako orriak biltzeari ekin diogunean zur eta lur geratu gara hainbatetan orriak falta direla ohartu garenean. 

Badirudi azken egunetan taberna eta dendetan Maxurrenea Herriari itzultzeko sinadurak zituzten orriak lapurtzen aritu direla. Ezin izan dugu jakin sinadura kopuru zehatza baina 80-100 artean izan daitezkeela uste dugu.
 

Nahikoa da, herri borondatea errespetatu

Sinaduren lapurretari  aurreko asteko erasoa gehitzen badiogu denbora gutxian bi eraso egin diote plataformaren lanari. 

Beste hainbat eragileenak bezala, Maxurrenea Herrintzat plataformak etxea herriari itzul diezaioten eskatuz eskegi ziren pankartak txikituta azaldu ziren aurreko astean.
 
Herri-plataformaren aurkako boikot eta saboitai hauek salatu nahi ditugu. Gainera uste dugu leitzarren borondatearen aurkako erasoak direla, bai pankartak apurtu izan zein sinadurak lapurtzea. Aski da! Eta horrelako ekintzak burutzen dituztenei gonbidapena egiten diegu beraien aldarrikapenak aurpegia emanez egin dezaten, gainontzekoena zapaldu gabe eta, eskatzen diegu besteok leitzarren nahiei bide ematen egiten dugun lana oztopa ez dezaten.

 

Galdetu eta berriz sinatzeko eskaera


Bestalde, leitzarrei eskaera sinatu zuten denda edo tabernan galdetu eta beharrezkoa balitz eskaera berriz sinatzea eskatzen diegu. Oraindik egun batzuk geratzen dira eta epea luzatuko dugu beharrezkoa balitz, ez dugulako nahi sinatu zuten herritarren sinadurarik gabe geratzea.