martes, 10 de septiembre de 2013

Ez dugu etsiko, lanean Maxurrenea leitzarroi itzuli arte

Gaur 2013ko Irailaren 9an Jorge Fernandez Díaz Barne Ministroa Leitzako Maxurrenea etxera etorri da, jakitekoa zen Espainiako Barne Ministroaren bisitak gauza onik ez zuela ekarriko. Adierazi duenez badaki Maxurrenea etxea gizarte edo kultura ekintzetarako utzitako eraikin bat dela, baina hala ere, askoz garrantzitsuagoa iruditzen zaio Guardia Zibilaren presentzia Leitzan bermatzea.


Berriro ere Nafarroako Gobernuak leitzarren nahia ez du errespetatu, isilpean eta herritarrei bizkar emanez beste hamar urtez luzatu baitu Espainiako Barne Ministeritzarekin duen kontratua. Herritarren nahiaz gain, Nafarroako Parlamentuaren mandatuari ere entzungor egin dio, ekainean burututako batzarrean parlamentuko gehiengoak Maxurrenea etxearen jatorrizko jabearen borondatea errespetatu eta eraikina behar sozial edo kulturaletara bideratzea agindu baitzion.

Leitzarron nahia ordezkatzen dugun plataforma gisa, Maxurrenea Herrintzat Ekimenak, bilera eskatu genuen Nafarroako Gobernuko arduradunarekin, parlamentuaren babesa berme gisa zuela, plataformak bildutako sinadurak aurkeztu eta herritarren eskaera zuzenean beraiei helarazteko. Oraindik Nafarroako Gobernuaren erantzunaren zain geundela etorri da Espainiako Barne Ministroaren adierazpena, Leitzako herria berriro ere engainatuz eta leitzarren borondatearen gainetik, gehiegi luzatzen ari den egoera bat inposatuz, Maxurrenearen okupazioa.


Honen aurrean, herriaren nahiaren alde lanean jarraituko dugula berresten dugu. Gaur bildutako jendetzak erakusten duelako Maxurrenea leitzarrona dela.

viernes, 28 de junio de 2013

Maxurrenea Leitzari itzultzetik gertuago

Parlamentuan jasotako babesarekin Maxurrenea Leitzarrei itzultzea gertuago ikusten dugu. Zilegitasun horrekin Nafar Gobernuari enplazamentua egingo diogu Parlamentuak adostutakoa lehenbailehen bete dezan.



12 pertsonaz osatutako ordezkaritza joan ginen atzo, ekainak 27, Nafarroko Parlamentuan burutu zen plenora, Maxurrenea Herrintzat plataformak Bildu eta NaBai taldeen bidez sartutako mozioa aztertu behar baitzen.

Herritik hirira, Parlamentua bezalako leku ezezagun batera gure aldarrikapena eraman nahi izan genuen. Harrituta geratu ginen bertako segurtasun neurri guztiekin. Sarreran bertan, "Maxurrenea Herrintzat" zioen pankarta kendu ziguten. Hala ere, lasai-lasai sartu ginen publikoarentzat gordetako gunera.

Gurea, gai ordeneko 14. puntua izan zen. Bittor Rubiok egin zuen plataforma eta leitzarren aldarrikapenen defentsa azpimarratuz mozio hori herri aldarrikapen bat zela eta plenora eraman zuten taldeak, herri ahotsaren bozgoragailu soilak zirela.

PSNk leitzarron mozioa ordezkatzeko eskaera egin zuen bi puntuz osatutako beste bat aurkeztuta. Momentu horretan eztabaida sutsua piztu zen plenoa minutu batzutan eteteraino.

Lehenengo puntuak plataformaren eskaeren laburpena jasotzen zuen, hau da, Maxurrenea etxeari erabilera kultural eta sozialetara bideratzea. PSNren bigarren eskaerak Guardia Zibilarentzat kokapen berri bat bilatzearen beharra aipatzen zuen.

Azkenean puntutako bozkaketa egin zen eta herri eskaera biltzen duen lehenengo puntuak aldeko 26 bozka jasoz aurrera atera zen. Puntu honetan PPN-k ezezko bozka eman zuen.

Balorazioa printzipioz positiboa da, baina sakonago hausnartuko dugu

Uste dugu atzoko plenoan jasotako babesaren ondoren Maxurrenea leitzarrei itzultzeko eskaera oraindik eta legitimoagoa dela, bidezko eskaera bat da. Onartu zen puntu bakar horrek Maxurrenea etxearen donazioan jasotzen zen borondatea betearaztera behartzen du Nafar Gobernua. Gure ustez, Gobernuak parlamentuak emandako mandatua lehenbailehen bete beharko luke.

Baina ohituta gaude Gobernuak nahi duena egiten ikustera, gaur gauza bat esan eta bihar beste bat egin. Beraz, orain indarrak Nafar Gobernuari apelatzen jarriko ditugu. Epe motzean bildutako sinadurak helaraztearekin batera, bilera eskatuko dugu hainbat gobernu-arduradunekin.

Bestalde, uda garaia hausnarketa sakonagoa egiteko baliatu eta irailetik aurrera berriz ere lanketari ekinen diogu.

lunes, 24 de junio de 2013

Ekainak 27an parlamentuan Maxurrenea Etxeari buruzko mozioa bozkatuko da

Hurrengo ostegunean ekainak 27, Nafarroako Parlamentuan eztabaidatuko dute plataformak eta leitzarrek Maxurrenea Etxea herriari itzuli eta kultur-ongintza erabilera emateko egindako eskaera.


Aurtengo martxoan abiatutako dinamikaren barruan momentu garrantzitsua izango da pleno hau, bakarra ez den arren plataformako kideentzat. Gogoratu behar da lanketari herri agerraldi jendetsu batekin ekin geniola, herritar eta herriko eragile desberdinen babesa lortu dugu, Udala mozio bidez Maxurrenea herriari itzultzeko eskaeran berretsi zen eta alderdi politiko desberdinekin egindako bileretan erantzun positiboa jaso dugu.

Zer esanik ez, ekaianean burututako herri mobilizazioaren garrantziaz. Eguraldi kaxkarrari eta guzti egin zion Leitzak aurre eta 300 pertsonatik gora bildu ginen manifestazioan.

Herri ordezkaritza eraman nahi dugu parlamentura.


Datorren ostegunean ibilbide honi beste mugarri bat jarriko diogu. Parlamentuko plenora herritar desberdinak eraman nahi ditugu, gure eskaerari zelabait bultzada eman dion herriaren isla gisa.

Hori guztia antolatzen ari gara egun hauetan. Gonbidapenak lortu, eragile desberdinekin egon, ... Aurreikusiz ostegunekoa opor aurreko azken plenoa izango dela, eta bi egunez luza daitekeela Parlamentuko "azken" saio hau, ordezkaritza hori oraindik zehaztu gabe daukagu. Baina bai ostegunean zein ostiralean leitzarrak Maxurrenea herriari itzultzea eskatzeko Iruñean egongo gara.

Sinadurak laster helaraziko dizkiogu Gobernuari.


Sinaduren kanpaina itxita, taberna eta komertzioetatik pasa eta zenbatzea falta zaigu soilik. Lan hori ere lehenbailehen egin eta laster Maxurrenea Etxea herriari itzultzeko eskaera egingo diogu Nafar Gobernuari.


domingo, 23 de junio de 2013

Maxurrenean inguruan egindako prozesu partehartzailearen emaitzak uztailaren 2an aurkeztuko dira

Aurreko astean Udalarekin egindako bileran, Maxurrenea Etxearen inguruan egindako prozesu partehartzailearen emaitzen aurkezpena atzeratzea erabaki zen. 

Horren arrazoia da, hasieran aurkezpenerako aurreikusten ziren bi datetan,  ekainaren 27 eta 28an, Nafar Parlamentuan aztertuko dutela herritar eta plataformaren mozioa, gaur egun koartela kokatzen den etxeari buruzkoa.


Aurkezepenerako data berria, uztailaren 2a, asteartea, izango da, arratsaldeko 20:00tan.

lunes, 17 de junio de 2013

Sinadurak ere lapurtzen aritu dira denda eta tabernetan

Denda eta tabernetan falta dira

 Aurreko astean esan bezala, aste honetan amaiera eman nahi genion sinadura bilketa kanpainari, horregatik taberna eta denda desberdinetan utzitako orriak biltzeari ekin diogunean zur eta lur geratu gara hainbatetan orriak falta direla ohartu garenean. 

Badirudi azken egunetan taberna eta dendetan Maxurrenea Herriari itzultzeko sinadurak zituzten orriak lapurtzen aritu direla. Ezin izan dugu jakin sinadura kopuru zehatza baina 80-100 artean izan daitezkeela uste dugu.
 

Nahikoa da, herri borondatea errespetatu

Sinaduren lapurretari  aurreko asteko erasoa gehitzen badiogu denbora gutxian bi eraso egin diote plataformaren lanari. 

Beste hainbat eragileenak bezala, Maxurrenea Herrintzat plataformak etxea herriari itzul diezaioten eskatuz eskegi ziren pankartak txikituta azaldu ziren aurreko astean.
 
Herri-plataformaren aurkako boikot eta saboitai hauek salatu nahi ditugu. Gainera uste dugu leitzarren borondatearen aurkako erasoak direla, bai pankartak apurtu izan zein sinadurak lapurtzea. Aski da! Eta horrelako ekintzak burutzen dituztenei gonbidapena egiten diegu beraien aldarrikapenak aurpegia emanez egin dezaten, gainontzekoena zapaldu gabe eta, eskatzen diegu besteok leitzarren nahiei bide ematen egiten dugun lana oztopa ez dezaten.

 

Galdetu eta berriz sinatzeko eskaera


Bestalde, leitzarrei eskaera sinatu zuten denda edo tabernan galdetu eta beharrezkoa balitz eskaera berriz sinatzea eskatzen diegu. Oraindik egun batzuk geratzen dira eta epea luzatuko dugu beharrezkoa balitz, ez dugulako nahi sinatu zuten herritarren sinadurarik gabe geratzea.
















 

viernes, 14 de junio de 2013

Hainbat eraso leitzarren nahiaren aurka

Herrian plataformak jarritako pankartak hautsita azaldu dira



Maxurrenea Herrintzat lema zeramaten pankartak hautsita azaldu dira aste honetan. Horrekin batera beste eragile batzuenak ere. Ez ditugu ulertzen, herriaren gehiengo batek babesten dituen aldarrikapenen aurkako eraso hauek. 

Guk, horren gainetik herriari ahotsa ematen jarraituko dugu,  Maxurrenea leitzarrei itzul diezaguten aldarrikatzen jarraituko dugu. Eta herritarren aurkako erasoak bezala ulertzen ditugunak salatuko ditugu behar den bestetan.

Eta amaitu nahiko genuke, berriz ere leitzarrei bere konpromisoa eskertzen, plataformarekin auzolanean aritzeagatik eskerrak emanez eta animatuz hemendik aurrera ere lanean jarraitzera. 

sábado, 8 de junio de 2013

Manifestazioa jendetsua izan da, 300 leitzar Maxurreneangatik busti dira

Aterkinpean Maxurrenea herriari itzultzeko aldarria



Eguraldia lagun izan ez arren Leitzako kaleetan 300 lagun bildu gara Maxurrenea herriai itzultzeko eskatzeko. Eguerdiko 12:00tan herriko plazan jai giroan hasiera eman diogu manifestazioari.

Manifestazioak herri osoa zeharkatatu du Guardia Zibilaren presentzia ere izan delarik. 

Hitzak manifestazioaren bideoa eta plataformako kideen balorazioak jaso ditu.

TOLOSALDEKO HITZAREN KRONIKA ETA ARGAZKI GALERIA

MANIFESTAZIOAREN BIDEOA ETA PLATAFORMAREN BALORAZIOA (Hitza)



Herritarrei eskerrak eta Nafar Gobernuari eskaera


Plataformak esker hitzak besterik ez ditugu leitzarrentzat. Gure lana herriaren nahiaren bozgoragailu izatea besterik ez da. Izugarrizko lana egin duzue!! Eragile eta herritarren babes eta konpromisoa handia izan da. Hurrengo ekainaren 27an Nafar Parlamentuan egingo den plenora motxila bete indar goaz.

Hemen manifestazio ondoren irakurritako testua oso-osorik:




miércoles, 5 de junio de 2013

Ekainaren 8rako deialdia herri osora iritsi da


Aste lanpetua izaten ari da


Jakin bagenekien, aste hau zoro xamarra izango zela. Izan ere larunbateko manifestazioa jendetsua izatea nahi dugu. 

Erronka handia da eta lanari ez diogu beldurrik. Horregatik etenik gabe ari gara. Atzo herriko atari guztietan manifestaziorako deialdia itsatsi genuen, horrela herritar guztiengana iristeko asmoz. Ostiralean ferian egongo gara eskuz-esku informazioa banatzen. Ez dugu etsitzen.





Informazio faltarik ez


Ez dugu nahi herritarrak informatu gabe egotea.  Hori dela eta, atarietako karteletaz gain komunikabideetan manifestazioaren berri ematen ari gara eta lan honek bere fruituak eman ditu. Eskerrik asko!!!
HITZA: manifestazioa larunbatean leitzan




Irrati kuña eta sare sozialak


Karrape irratian ere izan gara manifestazioarako kuña grabatu eta egunero deialdia etxe guztietan entzun dadin. Irratiaz gain, badakigu kuña hori wassap  mezuen bidez eta sare sozialetan zabaltzen ari direla herritarrak. Eskerrik asko berriz! ekainak 8, manifestazio (kuña)



Herriak bere beharretarako behar duelako, Herrin nahia delako, Leitzarrena delako.
Maxurrenea herrintzat!
Ekainak 8, 12:00tan Leitzeko plazatik abittuta







martes, 4 de junio de 2013

Maxurrenea diseinatzeko udalaren partehartze prozesuan egon ginen

Herritarrengana hurbilduz, gure mezua zabaldu

Atzo ekainak 3 hasi zen Maxurrenea diseinatzeko partehartze prozesua. Udalak bere proiektuaren borradorea aurkeztu zuen eta aurkezpena aprobetxatu herritarren iritziak jasotzeko.

20 lagunek hartu genuen parte bileran, giro onean eta ilusio handiarekin, ordu bete luzez Maxurrenearen historiaren inguruan, herriko beharretaz eta proiektuaren egokitasunaz jardun genuen.

Orain leitzarek, aukera izango dute beren iritzia etxetara banatutako orrietan emateko. Guk lagundu asmoz hemen zintzilikatuta utziko ditugu jendeak erabil ditzan.

eskuorria

panelak


Ekainak 8 manifestazioan partehartzeko deia


Bileran manifestazioaren berri eman eta honek duen garrantzia azaltzeko aprobetxatu genuen. Larunbateko manifestazioan ahalik eta herritar gehien bildu nahi ditugu datorren ekainaren 27an Nafarroako Parlamentuan egingo den plenoari begira, alderdi politikoek herri borondatea zein den argi izan dezaten.

Bestalde, sinaduren kanpainarekin jarraituz, etxe-etxe hasiko gara lanean, herrian sinatu ezin izan dutenei ere Maxurrenea herriari itzultzeko eskaera sinatu ahal dezaten.



lunes, 3 de junio de 2013

Sprintean larunbateko manifestaziorako dena prestatzen


Datorren larunbatean, ekainak 8, leitzarrak kalera atera nahi ditugu beste behin, Nafar Gobernuari Leitzarrekin duen zorra gogorarazteko. Manifestazioan Maxurrenea leitzarrena dela aldarrikatuko dugu, leitzarren borondatea errespetatzeko eskatuko diogu Nafar Gobernuari eta beraz Espainiar Gobernuarekin duen kontratua bertan behera uzteko esan.

Horregatik aste honetan gure erritmoak bizkortuko ditugu. Gaur Udalaren bileran azalduko gara herritarrei manifestazioaren berri ematera, astean zehar botatzeko irratiko kuña grabatu dugu eta etxe guztietara iristeko ahalegina egingo dugu herritar guztiek deialdiaren berri izan dezaten. 

domingo, 26 de mayo de 2013

Atzo, Leitzeko artisau azokan sinadurak biltzen. Eskerrik asko denai!

Goizean sinadurak biltzen eta herritarrak informatzen aritu ginen.


Atzo Leitzako Artisau erakustaldian mahaia jarri genuen Maxurrenea ekimenaren aldeko sinadurak biltzeko.Batek edo bestek eskertu ziguten kalera atera izana oraindik sinadurak biltzen diren taberna eta dendatara joateko beta hartu ez zutelako. 


Bestalde, ekinaren 8an egingo den manifestazioan parte hartzera gonbidatu genituen mahaira gerturatutako herritarrak.

Azoka eguna izanik, leitzarrak ez ziren askok ere interesa azaldu zuten Maxurrenean inguruan. Denetik hurbildu zen gaia ezagutu eta zertan den galdetzen zutenak eta Maxurreneaz ezer jakin gabe ere, galdetu eta informatu ondoren animoak ematen zizkigutenak.



Sinaduren kanpaina oraindik ez da amaitu


Oraindik sinadurak biltzen jarraituko dugu beraz, atzo Maxurrenea Herrintzat eskaera  sinatzerik izan ez zuenak eta oraindik honako lekuetan egin dezake:


Tabernak: Torrrea herrikoa, Gaztañaga, Landaberri, Peritza, Txoko, Musunzar, Adur, Leitzarra, Beatrizenea, Zortziko, Ogiberri eta Zirkulo.

Udal bulegoak: Udaletxea eta Liburutegia
Bestelakoak: Maimur eta Astiz liburudendak, Sarrió eta Gaztetxea.


Eskerrak Kultur Taldeari eta hurbidutakoei

Bestalde, Plataformako kideok eskerrak eman nahi dizkiegu Leitzako Kultur taldeari azokan txoko bat egitearren eta azpiegitura aldetik lanak erraztearren. Baita ere, hurbildu zen jendeari, leitzarrak izan ala ez gure aldarrikapenari kasu egin eta atxikimendua ematearren.



viernes, 24 de mayo de 2013

Ekainaren 8an #maxurreneaherrintzat aldarrikapena kalera, Nafar Gobernuak entzun gaitzan

Eztabaida parlamentuan ekaina erdialdera


Nafar Parlamentuak ekaina erdialdera Maxurrenea Herrintzat herri plataformak eta Leitzeko Udalak egindako eskaera aztertu eta bozkatuko du. Iruñean egindako harreman erronda eta lan-saioaren ondoren, plataformako kideek uste dugu, Maxurrenea etxea herriari itzuli eta bertan koartela ez den beste jarduera batzuk kokatzeko eskaera aurrera ateratzeko arazorik ez dela egongo.


Manifestazioa Nafar Gobernuak herri borondatea zein den ikusteko


Hala ere, garrantzitsua iruditzen zaigu leitzarron aldarrikapen hau beste behin kalera ateratzea Nafar Gobernuari herri honen borondatea zein den adierazteko. Izan ere, azken hitza berea da eta ohituak gaude ikusten Parlamentuan onartutako mozioak betetzen ez direla.

Babes handia jaso du plataformak hilabete hauetan, bai antolatutako ekintzetan zein eragileekin izandako harremanetan. Horregatik uste du momentua dela leitzako herritar eta eragileak  aldarrikapenaren protagonismoa hartzekoa. 

Horregatik ekainaren 8an antolatutako manifestazioan partehartzera gonbidatuta daude leitzar guztiak. Aukera badugu! Gurea delako!





martes, 14 de mayo de 2013

Eragileen konpromisoak, udalaren asmoak eta mobilizazio berri bat

Leitzako eragileek ere sinadurak bilduko dituzte.


Atzo, maiatzak13, "Maxurrenea Herrintzat, 10 urte eta gero ordua da!" manifestua sinatu zuten Leitzako eragileak, bilera batera deitu genituen. Bertan, orain arte egindako lana eta aurrera begirako erronkak konpartitzeaz gain eragile desberdinek Maxurrenean aferan inguruan dituzten iritziak jaso ahal izan genituen. Bilera oso emankorra izan zen. 

Parlamentuko bileren berri eman genien hasieran; alderdi bakoitzak azaldutako iritzia eta lan-saioan hitz egindakoak. Sinadura bilketaz hitz egiteko tartea ere hartu genuen. 800 bat sinadura bildu ditugu hilabete batean baina gure erronka 1.500 sinadura biltzea dela azaldu genien eta, Leitzan urtero antolatu den Kultur Aroan mahaia jarriko dugula jakinarazi genien.

Eragileek eurek, proposatu zuten beren elkarte eta taldekideen artean zabalduko dutela kanpaina, ahalik eta herritar gehiengana iristeko. Izan ere, Maxurrenea etxea herriak bere erabilerarako eskuratzea garrantzitsua dela uste dute bertaratutako eragileek. Baita horren alde lan egiteko ardura ere. 


Udalak partehartze prozesu bat ireki du Maxurrenea Etxearen erabilpena zehazteko.


Martxoan, Leitzako Udalak eragileen manifestua batzarrera eraman eta mozio moduan onartu zuen. Horrela, herritarrek Maxurrenea herriari itzul diezaioten aldarrikapenarekin bat egin zuen.

Geroztik Maxurrenea Etxean inguruko proiektu bat lantzen ibili da eta, atzo bileran parte hartu zuen udal ordezkariak herri-plataforma eta eragileei azaldu zigun, ekainean partehartze prozesu bat irekiko dutela Maxurrena Etxean kokatu beharreko zerbitzuak herritarrekin batera diseinatu eta ondoren proiektua Nafar Gobernuari aurkezteko.


Ekaineko lehenengo asteburuan kalejira.


Bestalde, herri aldarrikapenari eutsi eta kalean presente egotea garrantzitsua dela jaso zen eragileen aldetik. Hori dela eta, ekaineko lehenengo asteburuan aldarrikapen-kalejira bat egiteko asmoa azaldu genuen Maxurrenea Herrintzat plataformako kideek. 

Eguna zehaztu ondoren, leitzarrei adi egoteko eta kalejiran partehartzeko deia luzatuko diegu.



jueves, 25 de abril de 2013

Nafar parlamentuko talde gehienek arrazoizkoa ikusten dute Maxurrenea herriak erabiltzeko bideratzea

Maxurrenea herri itzuli behar zaiola aldarrikatu dugu.



Lehendakaritza, Justizia eta Barne-saileko batzordean egon gara Maxurrenearen inguruan leitzarrek ditugun aldarrikapenak azaldu eta, parlamentuko plenoan aztertuko den mozioari babesa emateko eskatzeko.

Heleni Zabaletak azaldu duen moduan aldarrikapena ez da gaurkoa. 1998an mojek eraikina utzi zutenetik herriak zein udalak behin baino gehiagotan eskatu du Maxurrenea eraikina herriaren beharretarako erabiltzea. 2002 urtean azkenik Espainiako Ministerioari alokatzea erabaki zuen Nafar Gobernuak, bertan guardia-zibilen koartela kokatzeko.

Ondoren Iñaki Zabaletak hartu du hitza donazioaren baldintzak gogorarazteko. Ongintza-Heziketa jarduerak burutzeko baldintzarekin onartu zuen Nafar Gobernuak Maxurrenea etxea hartzea, beraz ez da donazioaren helburuekin betetzen. Eta Espainiako Gobernuaren alokairu kontratuarekin lortzen den dirua ere ez da mutilen albergea bezala ezagutzen zen eraikina eraberritzeko erabili. Donantearen borondatea errespetatze eskatu du, eta zesioaren helburuak betetzen ez badira, Maxurrenea leitzarren esku uzteko.





Balorazio positiboa.


Lan jardunetik pozik atera gara inork ez duelako Maxurrenea Herrintzat eta leitzarren eskaera zalantzan jarri. Are gehiago, kontratuaren helburua betetzen ez denez, leitzarren eskaera arrazoizkotzat eman dute talde-parlamentarioen gehiengoak eta uste dute Leitzak dituen beharrak asetzeko erabili beharko litzatekeela.



Talde gehienek uste dute  Maxurrenea herri erabilerara bideratu behar dela.


Bittor Rubio (BILDU): Maxurrenearen egoera leheneratu beharra dago. Arrazoi historiko, kultural zein normalizazio politikoagatik, mozioa babestuko dugu behingoagatik Leitzari Leitzarena dena eman diezaioten.

Geronimo Gonzalez (UPN): Behin dokumentazioa irakurrita kontratuaren helburua ez dela bete ikusten da. Nafar Gobernuari honen berri emango diogu. Kuartelarentzat beste kokapen bat bilatu beharko da.

Mª Victoria Arraiza (PSN): Une bateko beharrari irtenbidea emateko egoerak behin-betikoa izaten amaitzen du askotan eta honek jendartea hasarretzen du gehienetan. Leitzaren kultur-azpiegitura beharrei irtenbidea eman behar zaio. Zuen eskaera logikoa da. Bi aldeak asebeteko dituen irtenbidea bilatu beharko da.

Asun Fdez de Garaialde (Nabai): Bere garaian udalaren eta herritarren eskaera haintzat hartu gabe, guardia zibilaren koartela Maxurrenean kokatzea erabaki zen. Plataformak Leitzako herria ordezkatzen du. Eskaera zein mozioa onartuko ditugu. Bada garaia zer nolako polizia behar dugun eztabaidatzeko eta agian, Leitzak ez du beharko Guardia Zibilen koartela.

Eloy Villanueva (PPN): Ados nago Leitzak kultur-azpiegitura faltari irtenbidea eman behar diola, baina azken finean, kontratuaren izaera dela eta Guardia Zibilaren esku jarraitzearen aldeko naiz, herrian bere lana egiten dute eta.

Txema Mauleón(Izquierda-Ezkerra): Ez dira kontratuaren helburuak bete eta argi dago Leitzan behar desberdinak betetzeko espazioa dela. Aldarrikapen logikoa da eta guk mozioa babestuko dugu.

martes, 23 de abril de 2013

Agerraldian, 175 lagun Maxurrenea Herrintzat aldarrikatuz

Lan-saioaren aurretik talde parlamentarioekin hizketan egon gara


Atzo Nafarroko parlamentuan bildu ginen EHBILDU, GEROABAI, IZQUIERDA-EZKERRA eta UPNko ordezkariekin, Maxurrenea Herrintzat ekimenaren berri eman eta gure aldarrikapenen berri zuzenean izan zezaten. PPNk ez digu hitzordurik eman eta  PSNrekin hitzordua gaur izango da. 

Datorren asteazkeneko, apirilak 24ko, lan-saioak emango duenaren zain, hasiera baten inork ez du zalantzan jarri plataforma eta leitzarrek Maxurrenea herriari itzultzeko eskaeraren zilegitasuna auzitan.

Agerraldi jendetsua herri eskaerari babesa emateko


Bestalde, Iruñeako parlamentuan egindako gestioez gain, herrian kalean jarraitzen dugu gure aldarrikapenekin. Hori dela eta, konzentrazioa deituta zegoen atzo iluntzeko 20.00tan. Bertan, 175 lagun bildu ginen Maxurrenea Leitzarrei itzultzeko eskatzeko.




miércoles, 17 de abril de 2013

Parlamentuan lan saioa eta kozentraziorako deialdia


Datorren asteazken arratsaldean, apirilak 24,  Maxurrenea Herrintzat Plataformako kideak Nafar Parlamentura joango gara lan-saio batean partehartzera. 

Lan-saioan Leitzako herriak Maxurrenea etxearen inguruan egiten duen aldarrikapena defendatuko dugu, etxea herriaren beharrak asetzeko erabili behar dela alegia. 

Horren aurretik, apirilak 22, astelehena talde-parlamentario desberdinekin bilduko gara. Gaur egun parlamentuan dauden guztiekin (EHBILDU, GEROABAI, UPN, PSN, IZQUIERDA-EZKERRA) PPNrekin izan ezik.

Gainera, egun horretan bertan elkarretaratzea egingo dugu Leitzeko plazan, herritarren nahia kalera atera nahi dugulako. Azaldu! Eta zabaldu deialdia.


miércoles, 10 de abril de 2013

Maxurrenea herriari itzultzeko sinadurak biltzeari ekin diogu

Sinadurak Nafarroako Gobernuari aurkezteko bilduko dira

Aurreko hilabetean, Udalean beste herri eragile batzuekin aurkeztutako mozioa lehen urratsa izan zen Nafarroako Gobernuari Maxurrenea leitzarrei itzul diezaguten eskatzeko. 


11 urtean aldatu ez diren eskaerak

Orain herritarrei aukera eman nahi diegu, Nafar Gobernuareskaera hori berbera helarazteko. Horretarako sinadurak biltzeari ekin genion aurreko astelehenean, apirilak 8. 

- Maxurrenea erakinaren erabilera leitzako herritarren beharrei erantzuteko bideratzea.
- Nafarroako Gobernuak Maxurrenea etxea Leitzako udalari baldintzarik gabe zeditzea.
- Espainiako Gobernuarekin existitzen den arrendamendu kontratua behertan behera geratzea.

Horrela laburbiltzen ditugu herritarren aldarrikapenak atxikimenduak biltzeko orrian.


Sinadura emateko aukera ugari

Sinadurak herriko taberna eta komertzioetan, zein udal bulegoetan bilduko dira. Horrez gain, Kross egunean zein KulturAsteko bi igandeetan mahaia jarriko da Leitzako plazan. 

Hemen sinadurak bilduko diren tokiak:

Tabernak: Torrrea herrikoa, Gaztañaga, Landaberri, Peritza, Txoko, Musunzar, Adur, Leitzarra, Beatrizenea, Zortziko, Ogiberri eta Zirkulo.

Udal bulegoak: Udaletxea eta Liburutegia

Bestelakoak: Maimur eta Astiz liburudendak, Sarrió eta Gaztetxea.





miércoles, 3 de abril de 2013

11 urte Maxurrenea leitzarrentzat eskatzen

 Maxurrenea Leitzari itzultzeko aldarrikapenak ibilbide luzea duela erakusteko 2002 urtean prentsan ateratakoak bildu eta gure blogera igo nahi izan ditugu.

Ez dugu nahi, blog hau artxibo-historiko soil bat bihurtzea. Dokumentu hauek sarean publikatu baditugu, garai haietan gertatukoak gogoratu eta gauzak aldatu ez direla erakusteko da.

Maxurreneak, leitzarren bizkar hartutako erabaki baten ondorioz, Nafar Gobernuak Espainakoari arrendatua jarraitzen du.

10 urte eta gero, ordua da! Maxurrenea Herrintzat!

viernes, 15 de marzo de 2013

Herritarren eta Udalaren babesa jaso du Maxurrenea Herrintzat ekimenak





Atzo arratsaldean, prentsaurrean, hainbat lagun bildu ginen Maxurrenea Herrintzat aldarrikapena babesteko. Herritarren babesaz gain eragile desberdinen atxikimendua ere lortu dugu Maxurrenea Herrintzat manifesturako. Hemen sinatzaileen zerrenda:

Leitzako Herrira, Ehiztari Elkartea, Sarrioko Langile Komitea, ELA, LAB, ALKE Kultur Taldea, Jaiki Abesbatza, Leitzako Ernai, Leitzako Ikasle Abertzaleak, Torrea Batzordea, Leitzako Bilgune Feminista, Atekabeltz Gazte Asanblada, EHNE, Leitzako Bertso Eskola, Atekabeltz Herri Gunea, Aurrerako Dantzariak, Mendibil Mendi Taldea, Aurrerako Zaldi Taldea, Kiroljokoak, Aurrerako Futbolariak, Aurrerako Festa eta Inauteri Batzordea, Aurrerako Zuzendaritza taldea, Aurrerako Pilota Eskola, Sahararekin Elkartasuna taldea, Independentistak Sarea Leitza.

Prentsaurreko ondoren Udalbatza berezia egin zuen Udalak Maxurrenea Herrintzat ekimenak hala eskatuta. Mozioa gehiengoz onartu zuen Udalak. Hona hemen hartuta erabakiak:

1- Maxurrenea erakinaren erabilera Leitzako kultur azpiegitura ezari irtenbidea eskaintzeko bideratu behar dela aldarrikatzea.
2- Maxurrenea Leitzako Udalari zeditzeko eskaera historikoa berrestea eta beste behin ere Nafarroako Gobernuari Maxurrenea Leitzako Udalari baldintzarik gabe zedi diezaiola eskatzea.
3- Horretarako, Espainiako Gobernuarekin duen arrendamendu kontratoak ahalmentze duen bezala, Nafarroako Gobernuak indarrean dagoen kontratoa bertan behera utz dezala eskatzea eta neurri hau behar den epe eta formetan gauza dezala.
4- Akordio hau Nafarroako Parlamentuko talde parlamentarioei helaraztea.
5- Akordio eta eskaera honen berri Nafarroako Gobernuari jakinaraztea.


Aurrera begira sinadura bilketa eta parlamentua

Datozen egunetan sinadurak biltzeari ekingo diogu herrian, eragile eta udalari aurkeztutako manifestuarekin Nafar Gobernuari Maxurrenea herriari itzul dezaion eskaera helarazioko diogu. Bestalde, parlamentuko talde desberdinekin harremanetan jarriko gara leitzarren eskaeraz hitz egiteko.

 


martes, 12 de marzo de 2013

Maxurrenea afera gizarteratu eta partehartzea bultzatzen hasi gara. Martxoaren 14ko prentsaurreko eta plenorako deialdiak.

Herritar guztien etxeetara iritsi nahi dugu


Aurreko astean herriko eragile desberdinekin bildu ginen Maxurrenearen aferari buruzko informazioa helarazi eta ekimenaren aldarrikapenei atxikimenduak eskatzeko.

Aste honetan, berriz, herritar guztiak informatzeko ahaleginari ekin diogu. Horregatik atariz-atari, buzoez-buzoe eskuorri txiki bat banatzen hasi gara, leitzarrok Maxurrenea zertarako eta zergatik nahi dugun azalduz eta, plataformak aurrera begira emango dituen urratsez informatuz.

Informazioaz gain, partehartzea bultzatu nahi dugu


Etxe guztietara banatzen ari garen eskuorrietan, informazioa banatzean gain herritarrak plataformaren ekimenetan partehartzera gonbidatu nahi ditugu. Horrela, datorren ostegunean, martxoak 14an, arratsaldeko 19:30tan herriko plazan egingo den prentsaurrekora eta, ondoren burutuko den udal plenorako gonbidapena egiten ari gara.

Prentsaurrekoa eta ondorengo udal plenoak jendetsua izan nahiko genuke, Leitzako herritarren nahiaren isla, behingoaz gure nahia errespetatzeko aldarrikapen masiboa irudikatzeko.







miércoles, 6 de marzo de 2013

Herri eragileekin bilera emankorrak

10 urte Maxurrenearik gabe

Nafarroako Gobernuak, leitzarren nahi eta beharrei bizkar emanez, Maxurrenea etxea 15 urterako Espainiako Gobernuari zeditu eta, azken honek kuartel gisa erabiltzea erabaki zuen 2003 urtean. Hala ere, 10 urte iraganda, Nafarroako Gobernuak kontratua bertan behera uzteko ahalmena izanen zuela zehaztu zen kontratu horretan.

2013 urtera iritsita beraz, aukera ikusten dugu Maxurrenea Herrintzat ekimenetik, etxea herriari itzultzeko eta horregatik, hainbat urrats burutuko ditugu datozen hilabeteetan Nafarroako Gobernuari kontratu hori bertan behera uzteko eskatzeko eta etxea herriari itzul diezaioten.

Herri eragileekin harremanak ekimena zabaldu asmoz


Azken egunotan, Maxurrenea Herrintzat ekimeneko kideak Leitzako eragile desberdinekin bilerak egiten ari gara kontratuan zehazten ziren 10 urte horiek eta gero dauden aukeren berri eman eta ekimenetik aurrera eraman nahi diren urratsak azaltzeko.

Erantzuna ezin hobea izaten ari da, leitzarrek Maxurrenea etxea herriarentzat izteko nahiaren adierazgarri.

Bestalde, atxikimendu guztiak bildu eta gero agerraldi publiko bat egingo dugu eragileetako partaideekin batera urteetako herri eskaera honi proiekzioa emateko.

Agerraldia eta mozioa martxoaren 14an, osteguna


Agerraldi hori, datorren asteko ostegunean (martxoak 14) burutuko da. Udalbatzak Maxurrenea herriarentzat aldarrikatzen duen mozioa tratatu aurretik, hain zuzen ere. Eragile eta herritar guztiak gonbidatuta daude partehartzera.

Maxurrenea Herrintzat! 10 urte eta gero, ordua da


Maxurrenea Herrintzat! 10 urte eta gero ordua da

Leitzarrok betidanik erakutsi izan dugu ekimen desberdinak martxan jartzeko irudimen eta gaitasuna. Herri izaera eta herri harrotasuna ekimen guzti horietan txertatzen jakin izan dugu. Kultur arloan dela, kirola arloan, auzolanean, … leitzarrok gure herriarekiko kezka eta konpromisoa adierazi izan dugu.

Herri bizia egin dugu Leitza eta herri bizi horri eusteko ahaleginean milaka traba gainditu eta horma eraitsi ditugu. Bidean, harriak aurkitu ditugu, erori garen arren berriz altxatu gara, gure herria aurrera atera eta kolorez margotzeko.

Ezin uka, leitzarrak beti egon garela gure herriko ongizateagatik kezkatuta. Horren adibide 1963. urtean sortu Amazabal Patronatua, Leitza eta eskualdeko garapen ekonomiko, sozial eta kulturala helburu zuena. Patronatu honenpean bultzatu zen Leitzako profesional eskola adibidez.

Patronatu honen esku zegoen baita ere Maxurrenea etxea, betitik hezkuntza eta benefizientzia erabileretara bideratuta, zesio baten ondoren Nafar Gobernuak eskuratu zuen arte.

Urte luzez etxea hutsik eta erabilerarik gabe egonik, 1.998 urtea geroztik Leitzako herriak eta Udalak hainbatetan eskatu dio Nafar Gobernuari Maxurrenea herriari itzuli diezaion, Patronatuaren izpirituari eutsiz, etxeari erabilpen kulturala emateko. Kultur etxearen proiektuak, herri babesaz gain garaiko Nafaro Gobernuko hainbat zuzendariren babesa izan zuen.

Herri honen historiak, hala ere, inposaketa desberdinak eta herriaren bizkar hartutako erabaki asko ezagutu ditu. Horrela, leitzarren eskaera honi entzungor, 2.002 urtean Nafarroako Gobernuak Maxurrenea Espainiako Gobernuari arrendatzea erabaki zuen, azken honek etxea Guardia Civilen koartela egiteko erabiltzeko.

Erabaki horren 10 urte beteta, Nafar Gobernuak aukera dauka arrendamendu-kontratu hori atzera bota eta behingoz leitzarren nahi eta beharretarako Maxurrenea herriari itzultzeko.


Horregatik,  Maxurrenea herriari itzultzeko eskaera historikoan berresten gara eta adierazten dugu:

1-     Maxurrenea erakina Leitzako kultur azpiegitura ezari irtenbidea emateko erabili behar dela.
2-     Udalari babes osoa ematen diogula Maxurrenea herrira itzultzeko emango dituen urrats guztietan.
3-     Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu, Maxurrenea Leitzako Udalari baldintzarik gabe zedi diezaiola.
4-     Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu, Espainiako Gobernuarekin duen arrendamendu kontratua bertan behera utz dezala, berehala.

Leitzan, 2003ko otsailean