viernes, 28 de junio de 2013

Maxurrenea Leitzari itzultzetik gertuago

Parlamentuan jasotako babesarekin Maxurrenea Leitzarrei itzultzea gertuago ikusten dugu. Zilegitasun horrekin Nafar Gobernuari enplazamentua egingo diogu Parlamentuak adostutakoa lehenbailehen bete dezan.



12 pertsonaz osatutako ordezkaritza joan ginen atzo, ekainak 27, Nafarroko Parlamentuan burutu zen plenora, Maxurrenea Herrintzat plataformak Bildu eta NaBai taldeen bidez sartutako mozioa aztertu behar baitzen.

Herritik hirira, Parlamentua bezalako leku ezezagun batera gure aldarrikapena eraman nahi izan genuen. Harrituta geratu ginen bertako segurtasun neurri guztiekin. Sarreran bertan, "Maxurrenea Herrintzat" zioen pankarta kendu ziguten. Hala ere, lasai-lasai sartu ginen publikoarentzat gordetako gunera.

Gurea, gai ordeneko 14. puntua izan zen. Bittor Rubiok egin zuen plataforma eta leitzarren aldarrikapenen defentsa azpimarratuz mozio hori herri aldarrikapen bat zela eta plenora eraman zuten taldeak, herri ahotsaren bozgoragailu soilak zirela.

PSNk leitzarron mozioa ordezkatzeko eskaera egin zuen bi puntuz osatutako beste bat aurkeztuta. Momentu horretan eztabaida sutsua piztu zen plenoa minutu batzutan eteteraino.

Lehenengo puntuak plataformaren eskaeren laburpena jasotzen zuen, hau da, Maxurrenea etxeari erabilera kultural eta sozialetara bideratzea. PSNren bigarren eskaerak Guardia Zibilarentzat kokapen berri bat bilatzearen beharra aipatzen zuen.

Azkenean puntutako bozkaketa egin zen eta herri eskaera biltzen duen lehenengo puntuak aldeko 26 bozka jasoz aurrera atera zen. Puntu honetan PPN-k ezezko bozka eman zuen.

Balorazioa printzipioz positiboa da, baina sakonago hausnartuko dugu

Uste dugu atzoko plenoan jasotako babesaren ondoren Maxurrenea leitzarrei itzultzeko eskaera oraindik eta legitimoagoa dela, bidezko eskaera bat da. Onartu zen puntu bakar horrek Maxurrenea etxearen donazioan jasotzen zen borondatea betearaztera behartzen du Nafar Gobernua. Gure ustez, Gobernuak parlamentuak emandako mandatua lehenbailehen bete beharko luke.

Baina ohituta gaude Gobernuak nahi duena egiten ikustera, gaur gauza bat esan eta bihar beste bat egin. Beraz, orain indarrak Nafar Gobernuari apelatzen jarriko ditugu. Epe motzean bildutako sinadurak helaraztearekin batera, bilera eskatuko dugu hainbat gobernu-arduradunekin.

Bestalde, uda garaia hausnarketa sakonagoa egiteko baliatu eta irailetik aurrera berriz ere lanketari ekinen diogu.

lunes, 24 de junio de 2013

Ekainak 27an parlamentuan Maxurrenea Etxeari buruzko mozioa bozkatuko da

Hurrengo ostegunean ekainak 27, Nafarroako Parlamentuan eztabaidatuko dute plataformak eta leitzarrek Maxurrenea Etxea herriari itzuli eta kultur-ongintza erabilera emateko egindako eskaera.


Aurtengo martxoan abiatutako dinamikaren barruan momentu garrantzitsua izango da pleno hau, bakarra ez den arren plataformako kideentzat. Gogoratu behar da lanketari herri agerraldi jendetsu batekin ekin geniola, herritar eta herriko eragile desberdinen babesa lortu dugu, Udala mozio bidez Maxurrenea herriari itzultzeko eskaeran berretsi zen eta alderdi politiko desberdinekin egindako bileretan erantzun positiboa jaso dugu.

Zer esanik ez, ekaianean burututako herri mobilizazioaren garrantziaz. Eguraldi kaxkarrari eta guzti egin zion Leitzak aurre eta 300 pertsonatik gora bildu ginen manifestazioan.

Herri ordezkaritza eraman nahi dugu parlamentura.


Datorren ostegunean ibilbide honi beste mugarri bat jarriko diogu. Parlamentuko plenora herritar desberdinak eraman nahi ditugu, gure eskaerari zelabait bultzada eman dion herriaren isla gisa.

Hori guztia antolatzen ari gara egun hauetan. Gonbidapenak lortu, eragile desberdinekin egon, ... Aurreikusiz ostegunekoa opor aurreko azken plenoa izango dela, eta bi egunez luza daitekeela Parlamentuko "azken" saio hau, ordezkaritza hori oraindik zehaztu gabe daukagu. Baina bai ostegunean zein ostiralean leitzarrak Maxurrenea herriari itzultzea eskatzeko Iruñean egongo gara.

Sinadurak laster helaraziko dizkiogu Gobernuari.


Sinaduren kanpaina itxita, taberna eta komertzioetatik pasa eta zenbatzea falta zaigu soilik. Lan hori ere lehenbailehen egin eta laster Maxurrenea Etxea herriari itzultzeko eskaera egingo diogu Nafar Gobernuari.


domingo, 23 de junio de 2013

Maxurrenean inguruan egindako prozesu partehartzailearen emaitzak uztailaren 2an aurkeztuko dira

Aurreko astean Udalarekin egindako bileran, Maxurrenea Etxearen inguruan egindako prozesu partehartzailearen emaitzen aurkezpena atzeratzea erabaki zen. 

Horren arrazoia da, hasieran aurkezpenerako aurreikusten ziren bi datetan,  ekainaren 27 eta 28an, Nafar Parlamentuan aztertuko dutela herritar eta plataformaren mozioa, gaur egun koartela kokatzen den etxeari buruzkoa.


Aurkezepenerako data berria, uztailaren 2a, asteartea, izango da, arratsaldeko 20:00tan.

lunes, 17 de junio de 2013

Sinadurak ere lapurtzen aritu dira denda eta tabernetan

Denda eta tabernetan falta dira

 Aurreko astean esan bezala, aste honetan amaiera eman nahi genion sinadura bilketa kanpainari, horregatik taberna eta denda desberdinetan utzitako orriak biltzeari ekin diogunean zur eta lur geratu gara hainbatetan orriak falta direla ohartu garenean. 

Badirudi azken egunetan taberna eta dendetan Maxurrenea Herriari itzultzeko sinadurak zituzten orriak lapurtzen aritu direla. Ezin izan dugu jakin sinadura kopuru zehatza baina 80-100 artean izan daitezkeela uste dugu.
 

Nahikoa da, herri borondatea errespetatu

Sinaduren lapurretari  aurreko asteko erasoa gehitzen badiogu denbora gutxian bi eraso egin diote plataformaren lanari. 

Beste hainbat eragileenak bezala, Maxurrenea Herrintzat plataformak etxea herriari itzul diezaioten eskatuz eskegi ziren pankartak txikituta azaldu ziren aurreko astean.
 
Herri-plataformaren aurkako boikot eta saboitai hauek salatu nahi ditugu. Gainera uste dugu leitzarren borondatearen aurkako erasoak direla, bai pankartak apurtu izan zein sinadurak lapurtzea. Aski da! Eta horrelako ekintzak burutzen dituztenei gonbidapena egiten diegu beraien aldarrikapenak aurpegia emanez egin dezaten, gainontzekoena zapaldu gabe eta, eskatzen diegu besteok leitzarren nahiei bide ematen egiten dugun lana oztopa ez dezaten.

 

Galdetu eta berriz sinatzeko eskaera


Bestalde, leitzarrei eskaera sinatu zuten denda edo tabernan galdetu eta beharrezkoa balitz eskaera berriz sinatzea eskatzen diegu. Oraindik egun batzuk geratzen dira eta epea luzatuko dugu beharrezkoa balitz, ez dugulako nahi sinatu zuten herritarren sinadurarik gabe geratzea.
















 

viernes, 14 de junio de 2013

Hainbat eraso leitzarren nahiaren aurka

Herrian plataformak jarritako pankartak hautsita azaldu dira



Maxurrenea Herrintzat lema zeramaten pankartak hautsita azaldu dira aste honetan. Horrekin batera beste eragile batzuenak ere. Ez ditugu ulertzen, herriaren gehiengo batek babesten dituen aldarrikapenen aurkako eraso hauek. 

Guk, horren gainetik herriari ahotsa ematen jarraituko dugu,  Maxurrenea leitzarrei itzul diezaguten aldarrikatzen jarraituko dugu. Eta herritarren aurkako erasoak bezala ulertzen ditugunak salatuko ditugu behar den bestetan.

Eta amaitu nahiko genuke, berriz ere leitzarrei bere konpromisoa eskertzen, plataformarekin auzolanean aritzeagatik eskerrak emanez eta animatuz hemendik aurrera ere lanean jarraitzera. 

sábado, 8 de junio de 2013

Manifestazioa jendetsua izan da, 300 leitzar Maxurreneangatik busti dira

Aterkinpean Maxurrenea herriari itzultzeko aldarria



Eguraldia lagun izan ez arren Leitzako kaleetan 300 lagun bildu gara Maxurrenea herriai itzultzeko eskatzeko. Eguerdiko 12:00tan herriko plazan jai giroan hasiera eman diogu manifestazioari.

Manifestazioak herri osoa zeharkatatu du Guardia Zibilaren presentzia ere izan delarik. 

Hitzak manifestazioaren bideoa eta plataformako kideen balorazioak jaso ditu.

TOLOSALDEKO HITZAREN KRONIKA ETA ARGAZKI GALERIA

MANIFESTAZIOAREN BIDEOA ETA PLATAFORMAREN BALORAZIOA (Hitza)



Herritarrei eskerrak eta Nafar Gobernuari eskaera


Plataformak esker hitzak besterik ez ditugu leitzarrentzat. Gure lana herriaren nahiaren bozgoragailu izatea besterik ez da. Izugarrizko lana egin duzue!! Eragile eta herritarren babes eta konpromisoa handia izan da. Hurrengo ekainaren 27an Nafar Parlamentuan egingo den plenora motxila bete indar goaz.

Hemen manifestazio ondoren irakurritako testua oso-osorik:




miércoles, 5 de junio de 2013

Ekainaren 8rako deialdia herri osora iritsi da


Aste lanpetua izaten ari da


Jakin bagenekien, aste hau zoro xamarra izango zela. Izan ere larunbateko manifestazioa jendetsua izatea nahi dugu. 

Erronka handia da eta lanari ez diogu beldurrik. Horregatik etenik gabe ari gara. Atzo herriko atari guztietan manifestaziorako deialdia itsatsi genuen, horrela herritar guztiengana iristeko asmoz. Ostiralean ferian egongo gara eskuz-esku informazioa banatzen. Ez dugu etsitzen.





Informazio faltarik ez


Ez dugu nahi herritarrak informatu gabe egotea.  Hori dela eta, atarietako karteletaz gain komunikabideetan manifestazioaren berri ematen ari gara eta lan honek bere fruituak eman ditu. Eskerrik asko!!!
HITZA: manifestazioa larunbatean leitzan




Irrati kuña eta sare sozialak


Karrape irratian ere izan gara manifestazioarako kuña grabatu eta egunero deialdia etxe guztietan entzun dadin. Irratiaz gain, badakigu kuña hori wassap  mezuen bidez eta sare sozialetan zabaltzen ari direla herritarrak. Eskerrik asko berriz! ekainak 8, manifestazio (kuña)



Herriak bere beharretarako behar duelako, Herrin nahia delako, Leitzarrena delako.
Maxurrenea herrintzat!
Ekainak 8, 12:00tan Leitzeko plazatik abittuta







martes, 4 de junio de 2013

Maxurrenea diseinatzeko udalaren partehartze prozesuan egon ginen

Herritarrengana hurbilduz, gure mezua zabaldu

Atzo ekainak 3 hasi zen Maxurrenea diseinatzeko partehartze prozesua. Udalak bere proiektuaren borradorea aurkeztu zuen eta aurkezpena aprobetxatu herritarren iritziak jasotzeko.

20 lagunek hartu genuen parte bileran, giro onean eta ilusio handiarekin, ordu bete luzez Maxurrenearen historiaren inguruan, herriko beharretaz eta proiektuaren egokitasunaz jardun genuen.

Orain leitzarek, aukera izango dute beren iritzia etxetara banatutako orrietan emateko. Guk lagundu asmoz hemen zintzilikatuta utziko ditugu jendeak erabil ditzan.

eskuorria

panelak


Ekainak 8 manifestazioan partehartzeko deia


Bileran manifestazioaren berri eman eta honek duen garrantzia azaltzeko aprobetxatu genuen. Larunbateko manifestazioan ahalik eta herritar gehien bildu nahi ditugu datorren ekainaren 27an Nafarroako Parlamentuan egingo den plenoari begira, alderdi politikoek herri borondatea zein den argi izan dezaten.

Bestalde, sinaduren kanpainarekin jarraituz, etxe-etxe hasiko gara lanean, herrian sinatu ezin izan dutenei ere Maxurrenea herriari itzultzeko eskaera sinatu ahal dezaten.



lunes, 3 de junio de 2013

Sprintean larunbateko manifestaziorako dena prestatzen


Datorren larunbatean, ekainak 8, leitzarrak kalera atera nahi ditugu beste behin, Nafar Gobernuari Leitzarrekin duen zorra gogorarazteko. Manifestazioan Maxurrenea leitzarrena dela aldarrikatuko dugu, leitzarren borondatea errespetatzeko eskatuko diogu Nafar Gobernuari eta beraz Espainiar Gobernuarekin duen kontratua bertan behera uzteko esan.

Horregatik aste honetan gure erritmoak bizkortuko ditugu. Gaur Udalaren bileran azalduko gara herritarrei manifestazioaren berri ematera, astean zehar botatzeko irratiko kuña grabatu dugu eta etxe guztietara iristeko ahalegina egingo dugu herritar guztiek deialdiaren berri izan dezaten.