viernes, 15 de marzo de 2013

Herritarren eta Udalaren babesa jaso du Maxurrenea Herrintzat ekimenak





Atzo arratsaldean, prentsaurrean, hainbat lagun bildu ginen Maxurrenea Herrintzat aldarrikapena babesteko. Herritarren babesaz gain eragile desberdinen atxikimendua ere lortu dugu Maxurrenea Herrintzat manifesturako. Hemen sinatzaileen zerrenda:

Leitzako Herrira, Ehiztari Elkartea, Sarrioko Langile Komitea, ELA, LAB, ALKE Kultur Taldea, Jaiki Abesbatza, Leitzako Ernai, Leitzako Ikasle Abertzaleak, Torrea Batzordea, Leitzako Bilgune Feminista, Atekabeltz Gazte Asanblada, EHNE, Leitzako Bertso Eskola, Atekabeltz Herri Gunea, Aurrerako Dantzariak, Mendibil Mendi Taldea, Aurrerako Zaldi Taldea, Kiroljokoak, Aurrerako Futbolariak, Aurrerako Festa eta Inauteri Batzordea, Aurrerako Zuzendaritza taldea, Aurrerako Pilota Eskola, Sahararekin Elkartasuna taldea, Independentistak Sarea Leitza.

Prentsaurreko ondoren Udalbatza berezia egin zuen Udalak Maxurrenea Herrintzat ekimenak hala eskatuta. Mozioa gehiengoz onartu zuen Udalak. Hona hemen hartuta erabakiak:

1- Maxurrenea erakinaren erabilera Leitzako kultur azpiegitura ezari irtenbidea eskaintzeko bideratu behar dela aldarrikatzea.
2- Maxurrenea Leitzako Udalari zeditzeko eskaera historikoa berrestea eta beste behin ere Nafarroako Gobernuari Maxurrenea Leitzako Udalari baldintzarik gabe zedi diezaiola eskatzea.
3- Horretarako, Espainiako Gobernuarekin duen arrendamendu kontratoak ahalmentze duen bezala, Nafarroako Gobernuak indarrean dagoen kontratoa bertan behera utz dezala eskatzea eta neurri hau behar den epe eta formetan gauza dezala.
4- Akordio hau Nafarroako Parlamentuko talde parlamentarioei helaraztea.
5- Akordio eta eskaera honen berri Nafarroako Gobernuari jakinaraztea.


Aurrera begira sinadura bilketa eta parlamentua

Datozen egunetan sinadurak biltzeari ekingo diogu herrian, eragile eta udalari aurkeztutako manifestuarekin Nafar Gobernuari Maxurrenea herriari itzul dezaion eskaera helarazioko diogu. Bestalde, parlamentuko talde desberdinekin harremanetan jarriko gara leitzarren eskaeraz hitz egiteko.

 


martes, 12 de marzo de 2013

Maxurrenea afera gizarteratu eta partehartzea bultzatzen hasi gara. Martxoaren 14ko prentsaurreko eta plenorako deialdiak.

Herritar guztien etxeetara iritsi nahi dugu


Aurreko astean herriko eragile desberdinekin bildu ginen Maxurrenearen aferari buruzko informazioa helarazi eta ekimenaren aldarrikapenei atxikimenduak eskatzeko.

Aste honetan, berriz, herritar guztiak informatzeko ahaleginari ekin diogu. Horregatik atariz-atari, buzoez-buzoe eskuorri txiki bat banatzen hasi gara, leitzarrok Maxurrenea zertarako eta zergatik nahi dugun azalduz eta, plataformak aurrera begira emango dituen urratsez informatuz.

Informazioaz gain, partehartzea bultzatu nahi dugu


Etxe guztietara banatzen ari garen eskuorrietan, informazioa banatzean gain herritarrak plataformaren ekimenetan partehartzera gonbidatu nahi ditugu. Horrela, datorren ostegunean, martxoak 14an, arratsaldeko 19:30tan herriko plazan egingo den prentsaurrekora eta, ondoren burutuko den udal plenorako gonbidapena egiten ari gara.

Prentsaurrekoa eta ondorengo udal plenoak jendetsua izan nahiko genuke, Leitzako herritarren nahiaren isla, behingoaz gure nahia errespetatzeko aldarrikapen masiboa irudikatzeko.







miércoles, 6 de marzo de 2013

Herri eragileekin bilera emankorrak

10 urte Maxurrenearik gabe

Nafarroako Gobernuak, leitzarren nahi eta beharrei bizkar emanez, Maxurrenea etxea 15 urterako Espainiako Gobernuari zeditu eta, azken honek kuartel gisa erabiltzea erabaki zuen 2003 urtean. Hala ere, 10 urte iraganda, Nafarroako Gobernuak kontratua bertan behera uzteko ahalmena izanen zuela zehaztu zen kontratu horretan.

2013 urtera iritsita beraz, aukera ikusten dugu Maxurrenea Herrintzat ekimenetik, etxea herriari itzultzeko eta horregatik, hainbat urrats burutuko ditugu datozen hilabeteetan Nafarroako Gobernuari kontratu hori bertan behera uzteko eskatzeko eta etxea herriari itzul diezaioten.

Herri eragileekin harremanak ekimena zabaldu asmoz


Azken egunotan, Maxurrenea Herrintzat ekimeneko kideak Leitzako eragile desberdinekin bilerak egiten ari gara kontratuan zehazten ziren 10 urte horiek eta gero dauden aukeren berri eman eta ekimenetik aurrera eraman nahi diren urratsak azaltzeko.

Erantzuna ezin hobea izaten ari da, leitzarrek Maxurrenea etxea herriarentzat izteko nahiaren adierazgarri.

Bestalde, atxikimendu guztiak bildu eta gero agerraldi publiko bat egingo dugu eragileetako partaideekin batera urteetako herri eskaera honi proiekzioa emateko.

Agerraldia eta mozioa martxoaren 14an, osteguna


Agerraldi hori, datorren asteko ostegunean (martxoak 14) burutuko da. Udalbatzak Maxurrenea herriarentzat aldarrikatzen duen mozioa tratatu aurretik, hain zuzen ere. Eragile eta herritar guztiak gonbidatuta daude partehartzera.

Maxurrenea Herrintzat! 10 urte eta gero, ordua da


Maxurrenea Herrintzat! 10 urte eta gero ordua da

Leitzarrok betidanik erakutsi izan dugu ekimen desberdinak martxan jartzeko irudimen eta gaitasuna. Herri izaera eta herri harrotasuna ekimen guzti horietan txertatzen jakin izan dugu. Kultur arloan dela, kirola arloan, auzolanean, … leitzarrok gure herriarekiko kezka eta konpromisoa adierazi izan dugu.

Herri bizia egin dugu Leitza eta herri bizi horri eusteko ahaleginean milaka traba gainditu eta horma eraitsi ditugu. Bidean, harriak aurkitu ditugu, erori garen arren berriz altxatu gara, gure herria aurrera atera eta kolorez margotzeko.

Ezin uka, leitzarrak beti egon garela gure herriko ongizateagatik kezkatuta. Horren adibide 1963. urtean sortu Amazabal Patronatua, Leitza eta eskualdeko garapen ekonomiko, sozial eta kulturala helburu zuena. Patronatu honenpean bultzatu zen Leitzako profesional eskola adibidez.

Patronatu honen esku zegoen baita ere Maxurrenea etxea, betitik hezkuntza eta benefizientzia erabileretara bideratuta, zesio baten ondoren Nafar Gobernuak eskuratu zuen arte.

Urte luzez etxea hutsik eta erabilerarik gabe egonik, 1.998 urtea geroztik Leitzako herriak eta Udalak hainbatetan eskatu dio Nafar Gobernuari Maxurrenea herriari itzuli diezaion, Patronatuaren izpirituari eutsiz, etxeari erabilpen kulturala emateko. Kultur etxearen proiektuak, herri babesaz gain garaiko Nafaro Gobernuko hainbat zuzendariren babesa izan zuen.

Herri honen historiak, hala ere, inposaketa desberdinak eta herriaren bizkar hartutako erabaki asko ezagutu ditu. Horrela, leitzarren eskaera honi entzungor, 2.002 urtean Nafarroako Gobernuak Maxurrenea Espainiako Gobernuari arrendatzea erabaki zuen, azken honek etxea Guardia Civilen koartela egiteko erabiltzeko.

Erabaki horren 10 urte beteta, Nafar Gobernuak aukera dauka arrendamendu-kontratu hori atzera bota eta behingoz leitzarren nahi eta beharretarako Maxurrenea herriari itzultzeko.


Horregatik,  Maxurrenea herriari itzultzeko eskaera historikoan berresten gara eta adierazten dugu:

1-     Maxurrenea erakina Leitzako kultur azpiegitura ezari irtenbidea emateko erabili behar dela.
2-     Udalari babes osoa ematen diogula Maxurrenea herrira itzultzeko emango dituen urrats guztietan.
3-     Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu, Maxurrenea Leitzako Udalari baldintzarik gabe zedi diezaiola.
4-     Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu, Espainiako Gobernuarekin duen arrendamendu kontratua bertan behera utz dezala, berehala.

Leitzan, 2003ko otsailean