martes, 10 de septiembre de 2013

Ez dugu etsiko, lanean Maxurrenea leitzarroi itzuli arte

Gaur 2013ko Irailaren 9an Jorge Fernandez Díaz Barne Ministroa Leitzako Maxurrenea etxera etorri da, jakitekoa zen Espainiako Barne Ministroaren bisitak gauza onik ez zuela ekarriko. Adierazi duenez badaki Maxurrenea etxea gizarte edo kultura ekintzetarako utzitako eraikin bat dela, baina hala ere, askoz garrantzitsuagoa iruditzen zaio Guardia Zibilaren presentzia Leitzan bermatzea.


Berriro ere Nafarroako Gobernuak leitzarren nahia ez du errespetatu, isilpean eta herritarrei bizkar emanez beste hamar urtez luzatu baitu Espainiako Barne Ministeritzarekin duen kontratua. Herritarren nahiaz gain, Nafarroako Parlamentuaren mandatuari ere entzungor egin dio, ekainean burututako batzarrean parlamentuko gehiengoak Maxurrenea etxearen jatorrizko jabearen borondatea errespetatu eta eraikina behar sozial edo kulturaletara bideratzea agindu baitzion.

Leitzarron nahia ordezkatzen dugun plataforma gisa, Maxurrenea Herrintzat Ekimenak, bilera eskatu genuen Nafarroako Gobernuko arduradunarekin, parlamentuaren babesa berme gisa zuela, plataformak bildutako sinadurak aurkeztu eta herritarren eskaera zuzenean beraiei helarazteko. Oraindik Nafarroako Gobernuaren erantzunaren zain geundela etorri da Espainiako Barne Ministroaren adierazpena, Leitzako herria berriro ere engainatuz eta leitzarren borondatearen gainetik, gehiegi luzatzen ari den egoera bat inposatuz, Maxurrenearen okupazioa.


Honen aurrean, herriaren nahiaren alde lanean jarraituko dugula berresten dugu. Gaur bildutako jendetzak erakusten duelako Maxurrenea leitzarrona dela.