miércoles, 6 de marzo de 2013

Maxurrenea Herrintzat! 10 urte eta gero, ordua da


Maxurrenea Herrintzat! 10 urte eta gero ordua da

Leitzarrok betidanik erakutsi izan dugu ekimen desberdinak martxan jartzeko irudimen eta gaitasuna. Herri izaera eta herri harrotasuna ekimen guzti horietan txertatzen jakin izan dugu. Kultur arloan dela, kirola arloan, auzolanean, … leitzarrok gure herriarekiko kezka eta konpromisoa adierazi izan dugu.

Herri bizia egin dugu Leitza eta herri bizi horri eusteko ahaleginean milaka traba gainditu eta horma eraitsi ditugu. Bidean, harriak aurkitu ditugu, erori garen arren berriz altxatu gara, gure herria aurrera atera eta kolorez margotzeko.

Ezin uka, leitzarrak beti egon garela gure herriko ongizateagatik kezkatuta. Horren adibide 1963. urtean sortu Amazabal Patronatua, Leitza eta eskualdeko garapen ekonomiko, sozial eta kulturala helburu zuena. Patronatu honenpean bultzatu zen Leitzako profesional eskola adibidez.

Patronatu honen esku zegoen baita ere Maxurrenea etxea, betitik hezkuntza eta benefizientzia erabileretara bideratuta, zesio baten ondoren Nafar Gobernuak eskuratu zuen arte.

Urte luzez etxea hutsik eta erabilerarik gabe egonik, 1.998 urtea geroztik Leitzako herriak eta Udalak hainbatetan eskatu dio Nafar Gobernuari Maxurrenea herriari itzuli diezaion, Patronatuaren izpirituari eutsiz, etxeari erabilpen kulturala emateko. Kultur etxearen proiektuak, herri babesaz gain garaiko Nafaro Gobernuko hainbat zuzendariren babesa izan zuen.

Herri honen historiak, hala ere, inposaketa desberdinak eta herriaren bizkar hartutako erabaki asko ezagutu ditu. Horrela, leitzarren eskaera honi entzungor, 2.002 urtean Nafarroako Gobernuak Maxurrenea Espainiako Gobernuari arrendatzea erabaki zuen, azken honek etxea Guardia Civilen koartela egiteko erabiltzeko.

Erabaki horren 10 urte beteta, Nafar Gobernuak aukera dauka arrendamendu-kontratu hori atzera bota eta behingoz leitzarren nahi eta beharretarako Maxurrenea herriari itzultzeko.


Horregatik,  Maxurrenea herriari itzultzeko eskaera historikoan berresten gara eta adierazten dugu:

1-     Maxurrenea erakina Leitzako kultur azpiegitura ezari irtenbidea emateko erabili behar dela.
2-     Udalari babes osoa ematen diogula Maxurrenea herrira itzultzeko emango dituen urrats guztietan.
3-     Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu, Maxurrenea Leitzako Udalari baldintzarik gabe zedi diezaiola.
4-     Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu, Espainiako Gobernuarekin duen arrendamendu kontratua bertan behera utz dezala, berehala.

Leitzan, 2003ko otsailean

No hay comentarios:

Publicar un comentario