jueves, 25 de abril de 2013

Nafar parlamentuko talde gehienek arrazoizkoa ikusten dute Maxurrenea herriak erabiltzeko bideratzea

Maxurrenea herri itzuli behar zaiola aldarrikatu dugu.



Lehendakaritza, Justizia eta Barne-saileko batzordean egon gara Maxurrenearen inguruan leitzarrek ditugun aldarrikapenak azaldu eta, parlamentuko plenoan aztertuko den mozioari babesa emateko eskatzeko.

Heleni Zabaletak azaldu duen moduan aldarrikapena ez da gaurkoa. 1998an mojek eraikina utzi zutenetik herriak zein udalak behin baino gehiagotan eskatu du Maxurrenea eraikina herriaren beharretarako erabiltzea. 2002 urtean azkenik Espainiako Ministerioari alokatzea erabaki zuen Nafar Gobernuak, bertan guardia-zibilen koartela kokatzeko.

Ondoren Iñaki Zabaletak hartu du hitza donazioaren baldintzak gogorarazteko. Ongintza-Heziketa jarduerak burutzeko baldintzarekin onartu zuen Nafar Gobernuak Maxurrenea etxea hartzea, beraz ez da donazioaren helburuekin betetzen. Eta Espainiako Gobernuaren alokairu kontratuarekin lortzen den dirua ere ez da mutilen albergea bezala ezagutzen zen eraikina eraberritzeko erabili. Donantearen borondatea errespetatze eskatu du, eta zesioaren helburuak betetzen ez badira, Maxurrenea leitzarren esku uzteko.





Balorazio positiboa.


Lan jardunetik pozik atera gara inork ez duelako Maxurrenea Herrintzat eta leitzarren eskaera zalantzan jarri. Are gehiago, kontratuaren helburua betetzen ez denez, leitzarren eskaera arrazoizkotzat eman dute talde-parlamentarioen gehiengoak eta uste dute Leitzak dituen beharrak asetzeko erabili beharko litzatekeela.



Talde gehienek uste dute  Maxurrenea herri erabilerara bideratu behar dela.


Bittor Rubio (BILDU): Maxurrenearen egoera leheneratu beharra dago. Arrazoi historiko, kultural zein normalizazio politikoagatik, mozioa babestuko dugu behingoagatik Leitzari Leitzarena dena eman diezaioten.

Geronimo Gonzalez (UPN): Behin dokumentazioa irakurrita kontratuaren helburua ez dela bete ikusten da. Nafar Gobernuari honen berri emango diogu. Kuartelarentzat beste kokapen bat bilatu beharko da.

Mª Victoria Arraiza (PSN): Une bateko beharrari irtenbidea emateko egoerak behin-betikoa izaten amaitzen du askotan eta honek jendartea hasarretzen du gehienetan. Leitzaren kultur-azpiegitura beharrei irtenbidea eman behar zaio. Zuen eskaera logikoa da. Bi aldeak asebeteko dituen irtenbidea bilatu beharko da.

Asun Fdez de Garaialde (Nabai): Bere garaian udalaren eta herritarren eskaera haintzat hartu gabe, guardia zibilaren koartela Maxurrenean kokatzea erabaki zen. Plataformak Leitzako herria ordezkatzen du. Eskaera zein mozioa onartuko ditugu. Bada garaia zer nolako polizia behar dugun eztabaidatzeko eta agian, Leitzak ez du beharko Guardia Zibilen koartela.

Eloy Villanueva (PPN): Ados nago Leitzak kultur-azpiegitura faltari irtenbidea eman behar diola, baina azken finean, kontratuaren izaera dela eta Guardia Zibilaren esku jarraitzearen aldeko naiz, herrian bere lana egiten dute eta.

Txema Mauleón(Izquierda-Ezkerra): Ez dira kontratuaren helburuak bete eta argi dago Leitzan behar desberdinak betetzeko espazioa dela. Aldarrikapen logikoa da eta guk mozioa babestuko dugu.

martes, 23 de abril de 2013

Agerraldian, 175 lagun Maxurrenea Herrintzat aldarrikatuz

Lan-saioaren aurretik talde parlamentarioekin hizketan egon gara


Atzo Nafarroko parlamentuan bildu ginen EHBILDU, GEROABAI, IZQUIERDA-EZKERRA eta UPNko ordezkariekin, Maxurrenea Herrintzat ekimenaren berri eman eta gure aldarrikapenen berri zuzenean izan zezaten. PPNk ez digu hitzordurik eman eta  PSNrekin hitzordua gaur izango da. 

Datorren asteazkeneko, apirilak 24ko, lan-saioak emango duenaren zain, hasiera baten inork ez du zalantzan jarri plataforma eta leitzarrek Maxurrenea herriari itzultzeko eskaeraren zilegitasuna auzitan.

Agerraldi jendetsua herri eskaerari babesa emateko


Bestalde, Iruñeako parlamentuan egindako gestioez gain, herrian kalean jarraitzen dugu gure aldarrikapenekin. Hori dela eta, konzentrazioa deituta zegoen atzo iluntzeko 20.00tan. Bertan, 175 lagun bildu ginen Maxurrenea Leitzarrei itzultzeko eskatzeko.




miércoles, 17 de abril de 2013

Parlamentuan lan saioa eta kozentraziorako deialdia


Datorren asteazken arratsaldean, apirilak 24,  Maxurrenea Herrintzat Plataformako kideak Nafar Parlamentura joango gara lan-saio batean partehartzera. 

Lan-saioan Leitzako herriak Maxurrenea etxearen inguruan egiten duen aldarrikapena defendatuko dugu, etxea herriaren beharrak asetzeko erabili behar dela alegia. 

Horren aurretik, apirilak 22, astelehena talde-parlamentario desberdinekin bilduko gara. Gaur egun parlamentuan dauden guztiekin (EHBILDU, GEROABAI, UPN, PSN, IZQUIERDA-EZKERRA) PPNrekin izan ezik.

Gainera, egun horretan bertan elkarretaratzea egingo dugu Leitzeko plazan, herritarren nahia kalera atera nahi dugulako. Azaldu! Eta zabaldu deialdia.


miércoles, 10 de abril de 2013

Maxurrenea herriari itzultzeko sinadurak biltzeari ekin diogu

Sinadurak Nafarroako Gobernuari aurkezteko bilduko dira

Aurreko hilabetean, Udalean beste herri eragile batzuekin aurkeztutako mozioa lehen urratsa izan zen Nafarroako Gobernuari Maxurrenea leitzarrei itzul diezaguten eskatzeko. 


11 urtean aldatu ez diren eskaerak

Orain herritarrei aukera eman nahi diegu, Nafar Gobernuareskaera hori berbera helarazteko. Horretarako sinadurak biltzeari ekin genion aurreko astelehenean, apirilak 8. 

- Maxurrenea erakinaren erabilera leitzako herritarren beharrei erantzuteko bideratzea.
- Nafarroako Gobernuak Maxurrenea etxea Leitzako udalari baldintzarik gabe zeditzea.
- Espainiako Gobernuarekin existitzen den arrendamendu kontratua behertan behera geratzea.

Horrela laburbiltzen ditugu herritarren aldarrikapenak atxikimenduak biltzeko orrian.


Sinadura emateko aukera ugari

Sinadurak herriko taberna eta komertzioetan, zein udal bulegoetan bilduko dira. Horrez gain, Kross egunean zein KulturAsteko bi igandeetan mahaia jarriko da Leitzako plazan. 

Hemen sinadurak bilduko diren tokiak:

Tabernak: Torrrea herrikoa, Gaztañaga, Landaberri, Peritza, Txoko, Musunzar, Adur, Leitzarra, Beatrizenea, Zortziko, Ogiberri eta Zirkulo.

Udal bulegoak: Udaletxea eta Liburutegia

Bestelakoak: Maimur eta Astiz liburudendak, Sarrió eta Gaztetxea.





miércoles, 3 de abril de 2013

11 urte Maxurrenea leitzarrentzat eskatzen

 Maxurrenea Leitzari itzultzeko aldarrikapenak ibilbide luzea duela erakusteko 2002 urtean prentsan ateratakoak bildu eta gure blogera igo nahi izan ditugu.

Ez dugu nahi, blog hau artxibo-historiko soil bat bihurtzea. Dokumentu hauek sarean publikatu baditugu, garai haietan gertatukoak gogoratu eta gauzak aldatu ez direla erakusteko da.

Maxurreneak, leitzarren bizkar hartutako erabaki baten ondorioz, Nafar Gobernuak Espainakoari arrendatua jarraitzen du.

10 urte eta gero, ordua da! Maxurrenea Herrintzat!